Deskonfinamendua eskoletan: BIGA BAIen puntua irakaskuntza elebidunaren segipenaz

Bilan kontrastatua, gerorako beldurrak uzten dituenak.

Ekainaren 11tik eskolak berriz ideki dira, osasun neurri zorrotzen pean. Irakaskuntza sistema, oro har, osoki inarrosia da. Eskolak segitzen du bai, bainan baldintza berezietan, eta ez denentzat. Irakaskuntza elebidunarentzat egiten ditugun oharrak:

  • Orokorrean, talde pedagogikoetan egin den lanari esker, toki gehienetan segipen bat atxiki ahal izan da. Eskola biziki guti dira irakaskuntza elebidunik batere ez dutenik. Halere Angeluko zirkonskripzioan dira agertzen kasu arazodunak.
  • 100 bat diren eskola elebidunetan gaindi egoera biziki desberdinak ezagun dira elebiduna jarraitzeko maneran. Edo talde elebidunak ezarri ahal izan dira euskarazko irakasle batekin, edo talde mistoak egin dira, bainan irakasle bikote batekin, horietarik batek tarteka bederen euskaraz irakasteko gisan.
  • Eskola batzuetan euskal klasea bi egunetatik atxiki ahal izan bada ere, anitzetan oren parekotasunetik urrun gaude, eta euskarazko klasea tarteka baizik ez da egiten ahal. Imertsioa ez da mantendu ahal izan eredu hortan diren ama eskoletan.
  • Eskolan ez diren haurrak anitz dira: maiatzaren 11tik sartu direnak %25 baizik ez dira eskola horietan. Ondorioz gehienak etxetik ari dira, eta hori euskararen praktikarentzat badakigu oso eskasa dela. Agian kopuruak emendatuko dira ekainaren 2tik aitzina.

 

Zein ondorio?

Eskoletan indarrak egin dira minimo baten zaintzeko. Halere euskararen transmisioarentzat gogorra da bizitzen dugun garaia: hizkuntzaren irakaskuntzak 1. mailan nagusiki ahozko praktika (euskara entzun eta mintzatu) suposatzen du, eta hori osoki murriztua da.

Gibelapen seriosen lotsa gira: maila apaltzea, hizkuntzarekin deskonekzioa, ibilbide elebidunean uzteak (kolegiora, lizeora sartzerakoan).

Bestalde, eta iraileko sartzeari begira ere, uste dugu burasok erne egon behar dugula, emanen diren lehentasuneri begira: giren egoera berezian, Hezkunde Nazionalak oinarrizko irakaspenetan zentratzea du joera (frantsesa, matematikak). Oroitarazi behar diogu, hertsadurak direnak direla, eskolatze eredu elebidun batean diren haurrentzat, euskarazko irakaskuntzak ezinbestekoa egon behar du plantatuko diren antolaketetan.