Murgiltzea eskola publikoan: urriaren 10ko jendekatea Baionan

2004tik EEPn Hezkunde Nazionalarekin izenpetu zen hitzarmenean, euskarazko orenen emendatzea aurreikusia eta adostua zen sail elebidunetan. Geroztik, 19 ama-eskoletan plantatu da murgiltzea sail publikoan, eta 19 ere bai sail elebidun katolikoan.

Eredu horrek emaitza pedagogiko bikainak ditu, 2020an nazio mailan CP eta CE1ean pasatu azterketek frogaturik (ama-eskola murgiltzean egin duten haurrek bestek bezain emaitza onak lortzen dituzte frantsesean eta matematiketan, zer erranik ez euskara mailari begira…).

Eredua laudatzen dute irakasleek eta burasoek. Hortakotz sail elebidun guziarentzat mentura ezin hobea ekartzen du murgiltzeak: euskara hobekiago menperatua da, idatzian zein ahozkoan, jarraipen hobeagoa da ibilbide elebidun osoan.

Hiriburuko Baste-Quiéta eskolak murgiltze klase baten idekitzeari Bordeleko errekoretzak eman ezetza biziki berri txarra zen euskararen irakaskuntzarentzat. Horregatik, Euskal Konfederazioak eta euskara irakaskuntzan ari diren elkarteek jendekate bat antolatu dute urriaren 10ean Baionan, « euskarak murgiltzea behar du » lemarekin. 1200 jende inguru juntatu dira, eta jende eskubideen deklarapen unibertsalaren idazle den René Cassin-ren sortetxetik Suprefeturaraino katean egon.

Sinbolikoki, burasoek beren haurrentzat irakaskuntza mota hautatzeko duten eskubidea aldarrikatu nahi zuen ekintzak.

Jendekate hori « Pour que vivent nos langues » kolektiboak antolatu mobilizazioarekin loturan antolatu da. 2019ko azaroan, 30 bat elkarte biltzen dituen eta 150 parlamentariren sustengua duen kolektiboa Parisen izana zen, baoxaren erreforma eta lurralde hizkuntzen irakaskuntzari ekartzen dituen kalteak salatzeko. 2020-2021 sartze huntan, « Pour Que Vivent Nos Langues » kolektiboak mobilizatzera deitzen du lurralde hizkuntza bakoitzaren eskubideak defendatzeko.