Irakaskuntza elebiduna euskaraz, zer da ?
Irakaskuntza elebiduna familien hautuari lotua da ; beren haurra sail hortan emanez, burasoek eskola denbora erdiz euskaraz egiten duen irakaskuntza hautatzen dute. Beste denbora erdian, frantsesez irakasten da. Oren parekotasuna segitzen duen irakaskuntza da eredu hori.
Hezkunde Nazionalaren baitan zer toki du sail elebidunak ?
Lehen gela elebiduna Saran sortu zen, eskola publikoan, 1983an. Geroztik, irakaskuntza eskaintza beti emendatuz doa. Urtero, eskola berri batzuek sare elebiduna osatzen dute.
Gaur egun, 6 000 ikasletik goiti dira sail hortan, ama-eskolatik lizeora, euskal lurralde guzian banatuak.
Hezkunde Nazionalak hainbeste hedatu den sistema bat behar izan du egituratu.
Gaur egun, lotzen dizkio : ikuskari bat (IEN), irakaskuntza elebidunari dedikatua, baita aholkulari pedagogikoa ere, irakasle konkurtso berezia, formakuntza jarraiki plana.
Eredu elebidunak hizkuntza politikoaren sostengua ere badu, Hezkunde Nazionala eta tokiko elkargoen arteko hitzarmen batek finkatzen duelarik, Euskararen Erakunde Publikoak gauzatzen duena.
EEP egiturak helburuen lorpena zaintzen du, irakaskuntza arloan ari den misio kargudunaren bitartez.
Gainera, ikasle bakoitzak gaitasun agiri bat eskuratzen du, segitu duen ibilbide elebiduna baieztatzen duena, kolegiotik eta lizeotik ateratzerakoan.
Ez gara euskaradunak. Zer abantaila dugu gure haurra sail elebidunean ezartzean ?
Aspaldidanik ikerketa linguistikoek azaldu dute haur elebidunek gaitasun handiak garatzen dituztela ikaste jarduera guzietan. Euskal Herriak zorionez dauka bere hizkuntza propioa, eta hizkuntza horren ikastea naturalki egin daiteke, haurrak bere ingurumenean aurki dezakelakoan (ingelesarentzat gerta ez daitekeena).
Delphine, 3 haurren amaren lekukotasuna :
Beren eskola ibilbidea euskaraz segitu dute, frantsesez egiten den bezala. Irakasleekilako harremanak usu oso errazak dira, haurrentzat nola burasoentzat. Eta nola ez genituen beren etxeko lanak zuzentzen ahal, menturaz beren autonomia landu behar izan dute. Bizkitartean, iduritzen zait euskara ez dela nehoiz traba bat izan eskola mailan. Sailak hainbat onura ditu : eskolako lagunek elgar segitzen dute ama eskolatik lizeoraino, adixkidetasunean eta elkartasunean. Gehigarri bat da, gisa guziz. Eta gainera, irakaskuntza hori da barne aberastasun bat, kultura bizi batera eta mundura idekidura bat, desberdintasunak ulertzeko eta onartzeko laguntza bat.
Sail elebiduna hasiz, ene haurrak segurtamena ba ote du bere ibilbide osoan segitzen ahalko duela ?
Sail elebiduna eskaintzen dute 104 eskolek*, 15 kolegioek, 5 lizeoek* ; antolakuntza huni esker, haur bakoitzak bere ibilbide osoa egin lezake sail elebidunean.
Zailtasunak agertuz geroz, ene haurrak sail elebiduna gelditzen ahalko ote du, eta sail elebakarrera itzuli ?
Jadanik erran bezala, irakaskuntza elebiduna burasoen hautu bat da. Ez da beraz neholako behartzerik. Ordea, hobe da zikloa bukatzea erabakia hartu aitzin, agertzen diren zailtasunak usu deus ikustekorik ez dutelako euskararekin.
Haurra sailetik ateratzen denean, laster galtzen ditu aitzineko irabaziak. Horrengatik damu da bidean uztea abiatua zen irakaskuntza.
Ene haurra osoki elebiduna izanen ote da eskola ibilbide bukaeran ?
Sail elebidunak hiztun osoak egiten ditu ibilbidearen bukaerara heltzearekin. Gainera, maila bakoitza baieztatua da gaitasun agirien bidez, 3.an eta Terminalean emanak direnak.
Gehiago jakin (2. maila orrialdera igorri)