Jakin dugu Hiriburuko eskola publiko elebidunean, ama eskolan plantan ezarri beharra zen imertsio esperimentazioa Bordeleko errektoretzak ez duela onartu. Gainera, errektoretzak dio ez duela gehiago onartuko beste esperimentazio berririk.
Kolpe bortitza da euskararen irakaskuntzarentzat.
Gaur egun martxan diren murgiltze esperimentazioek, Euskal Herriko 19 eskola desberdinetan, argi erakusten digute burasoeri sistema ona dela, funtzionatzen duela, eta ez duela batere eragin txarrik haurren emaitzetan, dela frantsesean edo edozein ikasgaitan.
Alderantziz, ikusten duguna da haurrak denbora osoan euskaraz eskolatuak direlarik, biziki fiteago eta hobeago menperatzen dutela hizkuntza, errexkiago komunikatzen dutela eta zailtasun gutiago dutela ondotik ibilbide oso baten segitzeko elebidunean.
Gure gogoz, murgiltze garai bat eskolatze hastapenean da hedatu behar liteken eredua sail elebidun guzian, maila oneko ikasle eta elebidun orekatuen bermatzeko.
Hortakotz, fermuki salatu nahi dugu errektoretzak hartu erabakia, oso kaltegarri delako euskararen irakaskuntzarentzat.
Ikusiz zein diren jokoan diren erronkak euskararen transmisioarentzat, murgiltze esperimentazioen kontra doan Hezkunde Nazionalaren politika onartezina da. Tokiko hizkuntzen kontrako jarrera du hor agertzen, hauen babestea duelarik betebeharra. Ikusiz irakaskuntza hortan erabilitako baliabide publikoak eta hainbat erakundeen ahaleginak euskararen irakaskuntza garatzeko, oso inkoherentea eta ulertezina zaigu erabaki hau.